XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) oroimenak, nahiezik, aurrera ekartzen zion Andreiren, Fediaren, eta beste hainbaten aurpegien lerrokada luzea.

Semearen irudia, patukide zuen jende guztia bereganaturik, ikaragarri hazten zen amaren begi aurrean, kontenplazio sentimendua eragiten zion, nahigabe eta ohartzeke Paveli buruzko gogoetak zabalduz eta alderik alde hedatuz.

Bazter guztietatik barreiatzen ziren, izpi mehe ezberdinak bailiran, dena ukitzen zuten, dena argitu eta koadro bakar batean biltzen saiatzen ziren, eta ezein zertzelada bakartu eta bertan gelditzea eragozten zioten amari, semearenganako tristura eta beldurra hutsarterik gabe zedarritzea galarazten zioten.

Sofiak laster aldegin zuen norabait, bost bat egun geroago agertu zen, alai eta adorez beterik; handik ordu batzuetara berriro desagertu eta bi asteren buruan itzuli zen.

Bazirudien hegaz ibiltzen zela bizitzaren gainean, itzulbira zabaletan; eta noizean behin nebarengana inguratzen zen puska batez, haren etxebizitza bere kemenaz eta musikaz betetzeko.

Ordurako amak atsegin zuen musika.

Entzutean, uhin epelak bularraren kontra jo eta bihotz barreneraino isurtzen zitzaizkiola sentitzen zuen; taupadak neurritsuagoak ziren eta, aleak lur oparo hezetuan eta sakon goldatuan bezala, pentsamendu sortak bizkor eta adorez hazten ziren bihotz barruan, gozo eta eder loratzen ziren hitzak, soinuen indarrak ernaldurik.

Amak nekez eramaten zuen Sofiaren arduragabekeria: leku guztietatik sakabanatuta uzten zituen bere gauzak, zigarrokinak, errautsa; eta are nekezagoa zitzaion haren hizkera harroxkora ohitzea.

Hori guztia nabariegia zen Nikolairen fermutasun lasaiaren aldean, haren hitzetan beti somatzen zen zentzutasun samurraren aldean.

Heldua delako itxurak egiten saiatzen den baina jendea jostailu bitxitzat jotzen duen nerabearen antza hartzen zion amak.

Lanaren santutasunari buruz hitz egiten zuen sarritan, baina bere arduragabekeria zela medio burugabeki areagotzen zuen amaren lana; askatasunaz hitz egin ohi zuen, baina, amak nabarmen zekusanez, denak estutzen zituen bere setakeria zakarraz eta etengabeko eztabaidez. Kontraesanez josita zegoen, (...)